98KO LEGEA

Jarraian, Maiteder eta 98.ko legearen aurrean egindako hausnarketak doakizkizue. Legeak dioena, errealitatearen isla al da? 

Iraia Arruti Hidalgo:

98.KO LEGEA: Errealitatea eta praktikaren arteko disfuntzioa.

Duela aste batzuk jasotako Maitederren solasaldia guztiz aberasgarria izan zen. Betiko kasu hipotetikoetatik ihes egin eta errealitate gordinarekin kontaktua eukitzeko baliagarria izan zen. Bestalde, barruak mugitu eta eraikitako egoera edo pentsamendu perfektua hankaz gora jartzea ere lortu zuen, pertsonalki eta zuzen zuzenean.

Hausnarketa hau, errealitatea eta praktikaren arteko disfuntzio hau, gainera eroritako ideiatik aztertu eta sakontzea erabaki dut. Langile ikastolako zuzendariaren ezezkoa. Maitederrek esandako ezin asimilatu nabil oraindik. Eskola bezala defendatutako eta inkulkatutako balioetatik ihes egiten duen zerbait da ezezko hori.

Hasteko, pentsatzen dut eta hala pentsatu nahi dut, momentuan ezezkoa esan zuen zuzendariak bere esku zegoen guztia egin zuela ezezkoa eman baina lehen. Hala dela pentsatu nahi dut ikasteko eskubidea ezereztatzea oso potentea den zerbait delako eta hau izan delako eskolaren partetik Aimarrek jasotakoa. Idealizatutako eskola baten ezezkoa. Zein puntutaraino du eskolak ikasteko eskubidea ukatzearen errua? Zein zuzendariak? eta noski, zenbaterainokoa da hezkuntza sistemaren egituraketaren errua?

Honi erantzun bat bilatu nahian, 98.ko legea arakatzea izan da bide. 98.ko legean irakurritako hainbat puntu aurrera pausu garrantzitsu zein beharrezkoak izan direla ikusi dugu. Hala ere, denetan islatzen da errealitatearekin disfuntzio bat. Legeak honen atal batean honako hau dio: "Diru publikoarekin mantentzen diren ikastetxe guztiek nahitaez onartu beharko dituzte hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak". Maitederrek bizitakoan, Aimarren kasuan hau betetzen ez delaren adibide. Zertarako legea betetzen ez bada?

Tira, giza baliabideei dagokionez, hauek falta zirela esan baitzuen Langileko zuzendariak, honako hau dio 98.ko legeak 10. artikuluan:

"2. Hezkuntza bereziko irakasle espezifikoez gain (Pedagogia Terapeutikoko espezializazioa eta Entzumena eta Hizkuntzako espezializazioa) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak behar adina irakasle izango ditu hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko, Hezkuntza Sailak berak ezarritako baldintzekin eta betebeharrekin."

Hau irakurri eta gero argi dudan gauza bakarrenetakoa da legeak eskugarbitze teknika bat direla. Esku garbitzeak honelako kasu baten aurren gobernu bezala errurik ez izateko; legeak baliabideak eskainiko dituela baitio errealitatean horren islarik azaldu gabe. Eskugarbitze honen aurrean irakasleak zein jarrera hartu behar duen ere zaila da asmatzen, legeak dioena bete nahian ibiltzeak zer ekarriko dio? Eta bestalde, legearen aurka doazen ekintzak egindakoan zer da gerta lekiokena? Guzti honek hezkuntza sistema osoa jartzen du zalantzan.

Honela jardun beharko dugu denbora osoan? Nahia, ezina, zalantza eta beldurraren artean?

Maider Azarola Zubizarreta:

98ko legea eta Maiteder

1998ko legeak hainbat ideia aipatzen ditu. Horien artean, batzuk aurrerakoiagoak dira eta beste batzuk ez hainbeste. Maitederrek hitzaldi bat eman zigun eta bertan, 98ko legeak aipatzen dituen hainbat ideia kolokan jartzen zirela ikusi ahal izan genuen.

Lege honek 4. kapituluan dioenez: "Hezkuntza-premia bereziak izan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza dagokion titulazioarekin amaitu duten ikasleek, Derrigorrezkoaren ondoko Bigarren Hezkuntzan matrikulatu ahal izango dute". Errealitatea beste bat da ordea. Maitederrek esan zuenez, bere semea LHko 5. mailan zegoen eta ezingo zuen 6. mailan bere ohiko eskolan jarraitu. Guzti hau, ordutegiko moldatze bat egin ez zelako eta gaur egun, oraindik inklusioa guztiz bermatzen ez delako da.

Hitzaldian entzun genuenagatik ondorioztatu dezakegu legeak, teorian Hezkuntza-premiak dituztenei DBHn matrikulatzeko eskubidea aldarrikatzen dien arren, praktikan hori bermatzea ez duela ziurtatzen. Hau da, hezkuntzak ez dituela baliabide nahikoak eskaintzen eskubide horiek betetzen direla baieztatzeko. Maitederren semearen kasuan adibidez, ez zuen LH amaitzeko aukerarik izan.

Nire arreta deitu duen beste honako esaldi esanguratsu hau ere aipatzen du legeak: "Diru publikoarekin mantentzen diren ikastetxe guztiek nahitaez onartu beharko dituzte hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak"

Beste behin ere, legea betetzen ez dela egiaztatu zigun Maitederrek hitzaldian. Bere herriko hainbat eskoletan egin zuen bere semea eskolaratzeko eskaria. Lehenengoa, Hernaniko Langile eskola publikoa izan zen eta ezetza jaso zuen bertan. Eskolak ez zituen baliabide nahikoak eta Aimar, ezingo zela bertan eskolaratu esan zioten. Eskola publiko batek Hezkuntza Premia Bereziak dituen haur bat baztertu eta eskolan ez onartzearen adibide garbi bat da hori. Legearen aurka doana, baina berdin berdin betetzen dena gaur egun ere.

Bestalde, Maitederrek aipatu zigun gauza bat aipatzea gustatuko litzaidake. Maitederrek bere semea eskolara eraman zuen egun batean beste amak batek ea eskolara zertarako eramaten zuen galdetu zion. Galdera honekin hainbat gauza aipatu daitezkeela iruditzen zait. Horien artean, ama horrek eskolarekiko duen kontzeptua azpimarratzea gustatuko litzaidake. Lagunak egin, sozializatu, baloreak ikasi, errutina barneratu... ideia guzti horiek ez daude ama horren "eskola" ideiaren eskemaren barruan (egongo balira, ez lioke horrelako galderarik egingo Maitederri). Eskolarizatzearen barruan, matematika eta zenbakiak ikastea zegoen buru hartan, ez besterik. Horregatik, hezitzaile bezala haurrei ez ezik, familiei ere eskolan egiten duguna jakinaraztea eta partekatzea garrantzitsua dela iruditzen zait.

Azkenik Maitederrek azaldu zigun Korrikaren kasua aipatu nahiko nuke. Pausokak Korrikako kilometroa erosi zuen, baina korrika egiteko garaia heldu zenean furgonetakoek gurpildun aulkiak ibilbidetik alde batera jartzeko eskatu zien. Ondorioz, HPBko haurrak "ofizialki" korrikan ateratzeko aukerarik gabe geratu ziren. Hori gertaturik, Korrikakoek beste kilometro bat oparitu zien Pausokakoei, baina kasu honetan goizeko ordu txikietako ordu bat eman zien eta ezin izan zuten haur askok parte hartu bertan.

Egoera hori ikusirik, nire ustez, pertsonok gai jakin batzuetan interesatzen garenez, alor horietako "jakintsuak" gara. Beste hainbat alor ordea, eskolan, etxean, kalean, familian... (orokorrean gizarte osoan) aipatu ere egiten ez direnez, oso gutxi dakigu horien inguruan. Horrek esan nahi du, gai baten inguruko gauza sinple eta logiko bat, beste "mundu" batean dabilen bati arrotza egin dakiokela eta nahi gabe mina egitera heldu daitekeela. Nire ustez, Pausokako kideen eta Korrikakoen artean horrelako zerbait gertatu zen. Korrikakoak momentu hartan ez ziren ohartu gurpildun-ahulkiak alde batera utzita Pausokako kide gehienak errefusatzen ari zirela. Edota, oparitutako goizeko orduetako kilometro hartara ezingo zutela haur gehienek joan (horrek haur haientzat suposatzen zuen esfortzuagatik).

Ondorioz, gizarte inklusiboago eta humanistago bat sortu beharko genukeelakoan nago. Nola lortu hori?? Hezitzaile, komunikabide, familia... elkarlana sustatuz. Guztion arteko kontzientziazio falta nabari dela esango nuke gure gizartean. Koronabirusari aurre egiteko hartzen ari diren neurri serioak beste hainbat alorretan ere emango balira, beste gizarte inklusiboago bat izango genukeelakoan nago.

Ainhoa Arruti Bereziartua:

98KO LEGEA: Praktikan jartzean, hutsune eta itzalez betea.

Kurtsoan zehar hainbat hitzaldi izan ditugu eta horien artean Maitederrena zegoen. Maiteder pausokako kide izandakoa da, bere bizipen eta esperientzietan oinarrituz eman zigun hitzaldia. Beste hitzaldiren batekin alderatuz, bazeukan desberdintasun bat; bere esperientziak kontatu zizkigun, denetik pixka bat, eta horrexegatik, berak bizitakoa kontatu zuelako, gehiago iritsi zitzaidan esan nahi zuena. Emozionatzeko bidean egon nintzen inpaktatu egin baitzidan kontatutakoak. Horrek, gu etorkizun hurbil batean irakasleak izango garenez, ikuspegi berri bat eskaini zigun.

Maitederrek bere bizitzaren zati batean oinarrituz antolatu zuen hitzaldia, bere seme Aimarrengan hain zuzen ere. Aimarrek jaio zenean, etengabe izaten zituen eraso epileptikoak eta horrek eragin handia izan zuen berarengan, hau da, ezin du hitzez komunikatu, mugitzeko aulki baten beharra du eta abar. Hainbat saiakera egin zituzten Aimar eskolaratzeko, baina bidean kolpe edota oztopo handiak izan zituzten, Hernaniko Elizatxo ikastolan Aimar onartuko zutela esan arte. Bidea gogorra egin zitzaien, baina lortu zuten nahi zutena, Aimarrek hezkuntza mota bat jasoko zuen.

Azkeneko klasean 98ko legea aztertzen hasi ginen, taldeka eta bakoitzari bere zatia egokitu zitzaion. Esan beharra dago, lege horretan idei nagusi bat nabarmentzen dela eta zuzenki, Maitederrek kontatu zuenarekin du zerikusia: 1998an ezarri zen legea, hezkuntza premia bereziak dituzten haurrei zuzendua dago eta hauei hezkuntzaren arloan eman behar zaien erantzunean. Lege honek zera aldarrikatzen du, hezkuntza jasotzea herritar guztien funtsezko eskubidea dela eta agintarien lana dela, horretarako politika egokia bideratzea, neurriak ezartzea, baliabideak eskaintzea eta abar. Honekin hezkuntza premia bereziak dituzten haurrek, bestelako haurrekin ikasteko eskubidea dutela aldarrikatzen du baina horretarako aukera hori eskaintzea ezinbestekoa da.

Behin legeak esaten zuena azalduta eta Maitederrek kontatutakoan oinarrituz, esan beharra dago 1998ko legeak bermatzen zuen guztientzako hezkuntza eskubide hori, ez dela beti aurrera eramaten. Nahiz eta eskubide hori, guztientzako eskubidea izan, familia ugarik arazoak izaten dituzte haurrak eskolaratzeko garaian eta honen atzean hainbat arrazoi egon daitezke: baliabideen arazoak, eskola horrelako egoera bati aurrera egiteko prest ez egotea edo nahi ez izatea, eskola osatzen duten partaideen formakuntza falta izan daiteke... ez dakit, hainbat baldintzatzaile dauden irudipena daukat.

Baina gu irakasle bezala edota hezkuntzako partaide moduan, ezezkoa ematea ez dut ulertzen edo zaila egiten zait behintzat. Badakigu prozesu gogorra eta lan pila bat egin beharko litzatekeela, baina gu horretarako gaude, haurrei bere bidean laguntzeko eta hezkuntza bat eskaintzeko; eta horretarako formakuntzak jaso behar baditugu, ba jasotzen ditugu. Hori da irakaslearen lana, haurrari erantzun bat emateko prestatzea, nire ustetan.

Eta bukatzeko, legeak berez bermatzen duena azpimarratzea, garrantzitsua iruditzen zait; "Haur guztiek dute eskubidea hezkuntza jasotzeko".

Johana Bachiller Aldazabal:

Otsailaren 18an Maitederren hitzaldia entzuteko aukera izan genuen. Lehenik eta behin aipatu beharra daukat oso aberasgarria izan zela, izan ere, berak bere bizitza pertsonala eta zehazki, bere semearen egoera azaldu zigulako. Eskolaratzerako momentuan, bere semeak hezkuntza-premia bereziak behar zituenez hainbat eskoletan ez zuten onartu, beldurra eta baliabide falta zela medio. Aipatzekoa da Maiteder ikastetxe bateko zuzendaria dela eta horrelako kasuetan nola jokatu behar duen dakiela. Hortaz, Aimarrek behar zituen baliabideak lortu eta azkenean ikastetxe batean onartu zuten.

Kasu honetan Maitederrek bazekien egoera honen aurreran nola jokatu baina bestela Aimar eskolaratu gabe geratuko ahal zen? Guztiok dakigun bezala, Hezkuntzarako eskubidea herritarren eskubide funtsezkoenetako bat da. Baina hezkuntza-premia bereziak dituzten haurrek eskubide berbera dituzte? Galdera honi erantzuna bilatzeko 98.ko legeari erreparatu diot. Legearen 1. artikuluan dekretuaren xedea adierazten da; "Dekretu honen xedea da hezkuntza-premia bereziei eskolaren eremuan erantzuna ematea, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan".

Hortaz gainera, garapen nahaste orokorren ondorioz hezkuntza-premia berezi iraunkorrak dituzten ikasleak, ikasgela arruntetan emango zaie hezkuntza-erantzuna. Horretarako, erabilgarri dauden bitartekoez eta baliabideez baliatuko dira eta beharrezkoak diren curriculumaren egokitzapenak egingo dira. Orduan, legeak honako hau azaltzen baldin badu, zergatik ez zioten Aimarren behar zituen baliabideak eskaini bere auzoko eskola publikoan?

Maitederrek azaldutako bizipenak eta 98. legeak esaten duena alderatuta, ikusi dezakegun Hezkuntza sistemak ahulezia nabariak dituela, horren adibide dugu Aimarren kasua. Gauza bat da legeak esaten duena eta beste bat errealitatean gertatzen dena. Honen aurrean, etorkizuneko irakasle bezala ziur nago 1998.legeak aldarrikatzen dituen eskubideak betetzen saiatuko naizela aniztasunari erantzuteko helburuarekin.

Larraitz Artola Zuriarrain:

98 ko legea betetzen ahal da?

Otsailean Maiteder hitzaldi bat emateko asmoarekin etorri zitzaigun bere semearekin bizitako esperientziak kontatzeko. Bertan esperientzia oso gogorrak, negar egitekoak, positiboak, politak... kontatu ziren eta esan beharra dago bai etorkizunerako iraksle gisa zein pertsona gisa bizitza beste modu batera ikusteko baliagarria izan zela.

Hitzaldia modu labur batean azalduz, Maitaderren semea jaio berria zenean eraso epileptikoak izaten zituen eta horrek ondorio garrantzitsuak izan ditu beregan: ezin du oinez ibili ezta ere hitz egin, laguntza handia behar du... Maitederrek eta bere bikotekideak bere semea eskolara eraman nahi zuten baina hainbat eskolek ezingo zutela bere semea onartu erantzuten zioten. Normala den bezala Maitederrentzako zein bere familiarentzako une oso gogorrak izan ziren, baina azkenean lortu zuten bere semea onartzen zuten eskola bat aurkitzea.

Aurreko klasean 98 ko legea aztertzen hasi ginen eta honako ideia nagusia azpimarratu dezakegu: 1998 ko legeak hezkuntzarako eskubidea herritarren eskubide funtsezkoenetako bat dela azpimarratzen du eta herri agintarien betebeharra da ezgaitasunak dituzten pertsonei hezkuntza-erantzun egokia emateko politika bideratzea eta baita jatorrizko ezberdintasunak orekatzea, bideratutako neurriak ezartzea ere, hezkuntza-sistemaren barruan. Laburbilduz, hezkuntza premia bereziak dituzten haurrek premia bereziak ez dituzten haurrekin ikasteko aukera eskaitzea da bere helburua.

Hau ikusi ondoren esan dezakegu Maitederrek eta bere semeak bizitako esperientzietan oinarrituz, 1998 ko legeak bermatu nahi duen eskubidea ez dela beti gertatzen, azken buruan, ez baitira hau gertatu zaien familia bakarrak izango. Nahiz eta hezkuntza haur guztien eskubidea izan, familia ugarik arazoak izan ohi dituzte beraien seme-alabak eskolan onartuak izan daitezen. Eskolan onartuak ez izateko zenbait arrazoi egon daitezke eta alde batetik ulergarriak izan daitezke: behar adina baliabide ez izatea, eskola haur horren ezaugarrientzako prest ez egotea nahiz eta gogoa egon, irakasleen edo eskolako kideen formakuntza falta... Edonola ere, ezin dut ulertu nola ezezkoa esan dezaketen eskolek haurrak onartzerako garaian, azken batean, nahiz eta aipatu ditudan arazoak izan laguntzeko gogoarekin gauza asko lortu daitezke.

Hala eta guztiz ere, Maitederrek lortu zuen bere semea eskolaratzea, baina esan beharra dut ama batek edo familia batek ez lukeela beraiek bizi izan zuten esperientzia bizi beharko. Eskola horretan bere semeari izugarri lagundu zioten eta hori poztekoa dela eta baita txalotzekoa dela deritzot. Eskola baten eta irakasle baten zeregina haurren zein familiaren ongizatea bermatzea da eta horretarako behar diren ahaleginak egin behar dira.

Jarraitzeko, Maitederrek bere semearen bizitza kontatzen zigunean hunkitu egin nintzela esan beharra dago; modu berean bertako irakasleek izugarrizko lana egin zutela azpimarratu beharra dago eta horrek familia honen bizitzan modu positibo batean eragin du. Gainera hitzaldi honen bitartez irakasleak zein garrantzitsuak garen ohartu naiz, azken finean, gure ikasleentzako zein familientzako oinarri garrantzitsuak baikara. Hori dela eta, ezin dugu ahaztu gure lan gisa gure ingurukoak zoriontsu egiteko ahalegin handienak burutzen.

Laburbilduz, Maitederren kasuarekin ikusi ahal izan dugu 1998 ko legea ez dela beti betetzen eta zenbait familiek arazoak izan ohi dituztela beraien seme-alabak eskolaratzeko. Nire aburuz, eskola guztiek eta eskolako kide guztiek saiakera handiak egin beharko lituzkete haur guztiei, beraien egoera dena delakoa izanda ere, hezkuntza bat eskaintzeko. Baina egia da eskola bakoitzaren testuingurua ezberdina dela eta batzuetan ez dela horren erraza hau bermatzea. Hala eta guztiz ere, gure hoberena ematen saiatu beharko ginateke eta haur eta familien bizitzak hobetzeko baliabideak eskaini beharko genituzke. Hezkuntza haur eta familia guztien eskubidea da, ez ahaztu!!



© 2020 Heavy Lab. Todos los derechos reservados.
Creado con Webnode
¡Crea tu página web gratis! Esta página web fue creada con Webnode. Crea tu propia web gratis hoy mismo! Comenzar